ESO CONVIVENCIA

Nola ulertzen dugu elkarbizitza?

Ikastetxeak elkarrekin bizitzen ikasteko guneak izanik, bertan egiten dugun guztiak ikasleen garapen integrala du helburu. Elkarbizitza positiboaren lanketa ikastetxean egiten dugun ororekin ematen da, eskolaren proiektu orokorrean txertatzen baitira garatzen ditugun ekimen, proiektu eta jarduera guztiak. Horrenbestez, Urteko Elkarbizitza Plan honek jasotzen dituenak ikastetxearen osotasunean ulertu behar dira, beste proiektuekin lotura zuzenean.

Sinesmen horretan, eskolaren sorreratik modu konszientean egin dugu elkarbizitza positiboaren aldeko lana, eta hainbat egitura eta dokumentu sortzen joanak ginen (bitartekotza batzordea, berdinen arteko tratu txarrei aurre egiteko protokoloa edo irakastaldeak besteak beste) 2007-2008 ikasturtean Hezkuntza Sailak ikastetxeko Elkarbizitza Planak egiteko deialdia luzatu zuenerako.

Hemen agertuko dugun hau 2011-12 ikasturterako Elkarbizitza Plana da, aurreko ikasturteetako lanetik eratortzen dena eta hasierako izpiritu berdinarekin jarraitzen duena.

 

Nola ulertzen dugu elkarbizitza?

Honela dio eskola komunitate guztiak adostutako elkarbizitza definizioak:

«Elkarbizitza positiboz ulertzen duguna da harremanen oinarrian besteak diren bezala onartzea eta enpatiazko jarrera adieraztea, elkarri entzutea, errespetuz tratatzea eta gatazkak konpontzeko jarrera ona izatea. Horregatik elkarbizitzaz espero dugu partaidetza, elkarlana eta hezkuntza komunitate kide guztion arteko komunikazioa ahalbideratzea, emozioak eta errespetua kontutan hartuz. Ikastetxeko pertsona orori ona izaten erakutsi eta lagunduko zaio, denon artean adostutako arauak aplikatuz eta gatazken aurrean tresna ezberdinak erabiliz, erantzun egokia eman ahal izateko.»

Hori dela eta, iruditzen zaigu harremanak errespetuzkoak eta laguntasunezkoak izango direla, ezberdintasunak onartuz. Irakasleek autoritate positiboa izan beharko lukete ikasleekin, familiek komunikazio maila on bat bultzatu beharko lukete, eta ikasleek irakaslea zein irakaslea ez den langileriaren autoritatea onartu beharko lukete.

Harreman espazio eta denbora desberdinetan arauak berdinak izango dira, bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz, eta bereziki bultzatuko dugu harremanetarako gune egokiak izan daitezela.

Elkarbizitza Arauak elkarbizitza positiboa errazten duten arauak dira, eta eskola komunitate-kide guztion aldetik konpromezua eskatzen dute. Eskubide eta betebeharrak, aukera eta tratu berdintasuna eta arrisku eta zaurikortasun egoerak islatuko dituzte, eta eskola komunitate osoak egin eta adostuko ditu, betetzen ez direnean hartuko diren neurriak ere adieraziz.

Ikastetxe honetan gatazkak elkarbizitzaren zati bat bezala ulertzen ditugu eta, hasieran desatseginak eta neketsuak izan badaitezke ere, ikasteko, hausnarketarako eta aurrera egiteko aukera bat dira. Bere eraldaketak eta ebazpenak harremanak berreskuratzea ahalbideratu beharko luke. Neurri hezitzaile eta zuzentzaileak lehenetsiko ditugu, baina zigorrak ere aurreikusi behar dira. Egoerarekin jabetu behar dugu, gure erantzukizuna onartu eta geure sentimenduak besteari entzunez adierazteko gai izan. Honetarako, garrantzitsua da gatazken ebazpenerako tresnak eskuratzeko aukera izatea elkarrizketa, tailer, talde dinamika etab.en bitartez.Gatazken ebazpenean kontutan hartzekoak dira:

  • Gatazka identifikatu eta onartu.
  • Pertsona, ingurua, egoera… aintzat hartu.
  • Bestearen lekuan jarri. Enpatizatu, toleranteak izan.
  • Entzun eta adierazi: komunikatu.
  • Negoziatu eta adostu, akordioak lortu.
  • Irtenbidearekin hitzeman.