PROIEKTU KOMUNITARIOA
Komunitatearen Zerbitzurako Proiektua (KZPr, Hezkuntzan “Ikasketa eta Zerbitzua” bezala ere ezaguna) ikasleen ikaskuntza eta komunitateari eskainitako zerbitzu solidarioa uztartzen dituen hezkuntza-proiektua da, helburu pedagogiko argiak dituena eta aldi berean gizarte-eragina duena.
Metodologia honen bidez, ikasleek ingurunean dagoen benetako behar bat identifikatzen dute (izan daiteke gizarte-behar bat, ingurumenekoa, kulturala…) eta ikasgelan jasotako curriculumeko edukiak zein gaitasunak erabiltzen dituzte behar horri erantzuteko, ekintza edo zerbitzu praktiko baten bidez.
Beraz, Komunitatearen Zerbitzurako Proiektuetan asmo pedagogikoa eta asmo solidarioa uztartzen dira. Gizarte-erabilgarritasuna duen hezkuntza-proiektua da, printzipio pedagogiko jakin batzuetan oinarritzen dena:
-
Araketan, ekintzan eta hausnarketan oinarritutako ikasketaren kontzepziotik abiatzen da, jakintzaren erabilgarritasuna nabarmentzeko.
-
Balioetan oinarritutako hezkuntzan egoera arazotsuak dira abiapuntua eta esperientzia zuzenetik egin behar zaie aurre erronka horiei.
-
Herritartasunerako hezkuntza partaidetza aktibo, arduratsu, kooperatibo eta solidarioan oinarrituta egon behar da, gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko.
Zentzu honetan, honako hauxe da KZPr:
-
Gizarte-erabilgarritasuna duen hezkuntza-proiektua.
-
Ikasteko eta elkarrekikotasunaren esparruan batera lan egiteko zerbitzua.
-
Jakintzak eta bizitzarako trebetasunak bereganatzeko prozesua.
-
Pedagogia aktibo eta hausnarkorrerako metodoa.
-
Hezkuntza-erakundeak eta errealitatean esku hartzen duten gizarte-erakundeak koordinatzen dituen sareko lana.
-
Prestakuntza arloko eragin eraldatzailea.
Komunitatearen Zerbitzurako Proiektu batek 5 baldintza bete beharko ditu, beraz:
- Ikasketa: sistematizatua egon behar da, eman beharreko zerbitzuarekin zerikusia eduki behar du eta protagonistek prozesua baino lehen, bitartean eta ondoren ikasiko dutena azaldu behar du.
- Zerbitzua: benetakoa izan behar da, eta inguru hurbil edo globalaren benetako premiei erantzun behar die, ingurune hori hobetzeko asmoz.
- Proiektua: asmo pedagogikoa argia izan behar da, eta hezitzaileak hezkuntza-proiektuaren plangintza zein ebaluazioa egin behar ditu.
- Partaidetza aktiboa: KZPr-ko esperientziak neska-mutilen partaidetza aktiboan eta protagonismoan oinarritu behar dira eta, horrela, informazio-proposamenak gaindituko dituzte.
- Hausnarketa: parte-hartzaileek uneoro jakin behar dute zer egiten den eta nolako erabilgarritasun soziala duen. KZPr-n ezinbestekoa da aukeratutako prozesuari, egindako ikaskuntzei eta zerbitzuaren eraginari buruzko hausnartzea.