You are here:

2012-2013 ikasturteko proiektuak

E-posta Inprimatu PDF fitxategia

solidaridad4-300x191

 

   Ikasle aktibo, kritiko, solidario, inplikatu, konprometitu, sortzaileak... hezi nahi baditugu, ezinbestean egiteko aukera eman behar diegu. Eurengan sinistu. Euren gaitasunekin fidatu. Protagonismoa eman. Entzun. Eta irakasleoi dagokigu hau lortzeko metodologiaren inguruko hausnarketa egitea: nola?

 

    Ezagutu genuenean, Ikasketa eta Zerbitzua metodologia aproposa iruditu zitzaigun sinisten dugun irakaskuntza mota hori bideratzeko: proiektuak egiteak gaitasunen garapena bultzatzen duelako; inguruarekin harreman antolatua suposatzen duelako; ikasleena delako protagonismo osoa; ekintzaletasuna sustatzen duelako; taldean lan egiten ikasten dutelako; ikasketa esanguratsua bihurtzen duelako; irakasgaien arteko zubiak eraikitzen direlako; ikasketa irakasgaietatik harago doalako... Hainbeste dira arrazoiak!!

 

   Horrek guztiak metodologia honen aldeko apustua egitera eraman gintuen. Ikastetxe apustua, ikasle guztiek izan zezaten euren ibilbidearen momenturen batean horrelako esperientzia bat. Hainbat antolaketa erabaki hartu genuen: hiritartasuna irakasgaia metodologia honen bitartez garatuko genuen eta tutoreek emango zuten, koordinaziorako denbora izango zutelarik ordutegiaren barruan. Hortik aurrera, programazioan hiru ardatz: Giza Eskubideak, erakunde ezberdinen hitzaldiak eta proiektuaren aukeraketa eta garapena.

 

   Eta hementxe gaude, duela 5 ikasturte hartutako erabaki horren ondoren, 2012-2013 ikasturteko proiektuen bukaeran. Esperientzia handia denontzat, emozio eta sentimendu asko piztu dizkigunak. Azaroa eta abenduan elkarte ezberdinen hitzaldia entzuteko aukera izan genuenetik (Alkoholiko Anonimoak, Odol Emaileen Elkartea, Ibon Casas, eta erretinosi pigmentarioa, Elikagaien Bankuko kideak, AGIPASE eta hezkidetza, Petra Elser eta hizkuntzaren garrantzia integrazioan,izan ditugu aurten gurekin) hainbeste gauza gertatu da!!

 

   Lehenengo, talde bakoitzak bere proiektua aukeratu zuen. Proiektua aukeratua genuelarik, alderdi curricularrari heldu genion ikasiko genuen guztia antolatuz. Ikasleek talde txikietan egin dute lan eremu ezberdinen inguruko informazioa bilatuz, eta dena argi genuenean zerbitzua eskaintzeko momentua iritsi zen, eskolatik atera eta inguruarekin harremanetan jartzekoa, bertan gure ekarpena eginez:

 

 

 

  2Ako_ikasleak.resized

2.Ako ikasleek umeen ezaugarriak ikertu dituzte, LHko antolaketa nolakoa den,   ipuiegin dituzte, eskulanak prestatu, eta ondoren Toki Alai HH eta LHn egon dira 3 egun ezberdinetan eta bertan tailerrak antolatu dituzte, txokoetan lagundu, ipuinak kontatu eta patioko jolasak egin. Polita izan da gure ikasleak eremu honetan ezagutzea, euren inplikazio eta goxotasuna ikustea, eta baita txikien ilusioa bizitzea ere.

 


  •    2Bko_ikasleak.resized
  •  
  •     2.Bko ikasleek elikagai eta garbiketa produktuak jaso dituzte eskolan eta Irungo 8 supermerkatuetan, eta jasotako guztia Gipuzkoako Elikagaien Bankura eraman dugu: 2483 kg!! Gure ikasleen jarrera, bikaina, eta Irungo hiritar zein lagundu diguten erakundeena ere bai. Eskerrik asko denei!!

        

 

 

2cko_ikasleak.resized2.Cko ikasleek alkoholaren kontsumoari buruzko galdetegia pasa diete eskolako 447 ikasleei, eta hortik hainbat datu interesgarri atera dute, baita alkoholak eremu ezberdinetan duen eragina aztertu ere. Irungo gainontzeko ikastetxe publikoetako 2. DBHko ikasleei hitzaldiak eman dizkiete ondoren datu hauekin guztiekin, eta Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideek ere parte hartu dute hitzaldian gurekin batera euren esperientzia kontatzen. Izugarria izan da, eta ziur hausnarketa bat baino gehiago bultzatzea lortu dutela! 

 

 

   2dko_ikasleak.resized2.Dn odola eta odol-ematearen inguruko informazio jaso eta odol-emaile berriak lortzea izan da helburu, eta baita lortu ere!! Maiatzaren 28an goizean DYA eta Gipuzkoako Odol-emaileen elkartearekin batera kanpainako ospitala antolatu genuen eta 31 lagun etorri ziren odol ematera, horietatik 21 berriak!! Horretaz gain bideo bat egin dugu Irungo jende ezagunarekin, hitzaldiak 18 urtez gorakoentzako eskoletan, hitzaldi irekia Irungo ospital zaharrean eta proiektuaren aurkezpena LHko 5. mailan Toki Alain. Ezin dute odola eman, baina gotatanta bikainak dira!!

 

   2eko_ikasleak.resized2.Eko ikasleek interneten erabilera segurua sustatu nahi izan dute, kontziente izanik oso gazte hasten direla haurrak sare sozialetan murgiltzen, baina ez dakitela bertan aurki ditzaketen arriskuak nola saihestu. “Pantallas Amigas” taldeko kideekin zibermanagerrak izateko formakuntza jaso dute, eta ondoren Toki Alai eta Elatzetako 5. eta 6. mailako ikasleekin aritu dira hainbat eremuri buruzko informazioa ematen eta arriskuei aurre egiteko aholkuak ematen. Ziur bati baino gehiago lagungarri izango zaiola!!



 

   Hau izan da dena!! Zorionak ikasle eta irakasleei, eta eskerrik asko bihotzez gurekin elkarlanean aritu diren guztiei, gure proiektu eta ilusioak errealitate bihurtuz: Toki Alai eta Elatzeta LHri, Txingudi BH, Dunboa BH eta Hirubide BHri, Plaiaundi DBHOri, Irungo udal euskaltegiari, Kunsthal eskolari, BM, Eroski eta Super Amarari, Elikagaien Bankuari, DYAri, Gipuzkoako Odol-emaileen Elkarteari, Irungo Udalari, Alkoholiko Anonimoak elkarteari, Pantallas Amigaseko kideei, DV, Irun Irratia eta Antxeta irratiari eta, noski, parte hartu duten Irungo hiritar guztiei. Zuek gabe ezin izango genuke hau aurrera atera!!

 

Toki Alaiko notizien harpidetza Toki Alaiko notizien harpidetza